
Historia

Sunsundeguiren lehen lantegia Irunen sortu zuen, 1944an, José Sunsundegui irundar enpresariak. Udalerri hark kokapen estrategikoa zuen, Espainiaren eta Frantziaren arteko mugan, eta horrexegatik kokatu zuen bertan enpresa, zeinak trenetako materiala konpontzen jardun zuen hasiera batean. Enpresa Altsasura lekualdatu zuten, XX. mendean Nafarroako udalerri hori gune garrantzitsua izan baitzen burdinbidearen garapenean. Garai hartan, Renferen trenak konpontzen lan egiten zuen. Estatuko konpainia konponketa lantegi propioak instalatzen hasi zenean, Sunsundeguik garai berrietara egokitu behar izan zuen.

Egoera hartan, zuzendaritza talde berriak hartu zuen enpresaren ardura. Enpresaren zerbitzuak trenak konpontzera eta horiei karroza jartzera moldatu zituen, eta autobusei nahiz autokarrei karroza jartzeko zerbitzua eskaintzen hasi zen.
Hedapenerako diseinatutako modeloa Korinto izenekoa izan zen. DKX 1.160 Ati motorizaziodun DAF SB 3.000 bastidore baten gainean muntatzen zuten, eta 54 bidaiarirentzako eserleku etzangarriak zeuzkan, gidariaren eserlekuaz eta horren ondoko eserlekuaz gain. Garai hartarako hainbat elementu bereizgarri zituen, hala nola aire girotua, konbektore bidezko berokuntza, barneko airearen berritze etengabea eta maletategiaren edukiera, 10 m3 ingurukoa.

Hamarkada horretan, Sunsundeguik kalitate handiko karrozari ospea eman zion modeloetako bat fabrikatu zuen: Sunsundegui Stylo izenekoa. Hainbat urtez, autokar hori izan zen aukera nagusia bidaiarien errepide bidezko garraio enpresa handientzat, Alsarentzat, besteak beste. Konpainia horren flotaren zati handi bat Mercedes 0-404 txasis gainean muntatuta zihoan modelo horrek osatzen zuen. Stylo artikulatua ere sortu zuten.

Urte haietan beste modelo batzuk ere ekoitzi zituzten, hala nola Vardi modeloa, pisu altuko autokar artikulatua, eta Vardino modeloa, pisu altuko autokar zurruna; bi modelo horiekin, enpresak autokarren ekoizpen eta karrozeriaren sektorea eraberritu zuen. Era berean, aldi horretan hainbat ekitalditarako ibilgailu bereziak ere ekoitzi zituen enpresak, hala nola Sunsundegui Vardi enblematikoa, 1992an Sevillan egin zen Erakusketa Unibertsalerako prestatua.

Bere ibilgailuak Israelera, Erresuma Batura eta beste herrialde batzuetara esportatuz hasi zen hedatzen Sunsundegui. Horri esker, hitzarmen komertzial garrantzitsua sinatu zuen Volvo etxearekin, suediar konpainiaren plataforma motorizatuei karrozeria jartzeko eta produktu bakarra merkaturatzeko.
Hamarkada horretan, 1993. urtean, zehazki, Sunsundeguik Interstylo sortu zuen, bidaiarientzako sarbide zabaleko modelo bat, pertsona desgaituentzat egokitua eta lehentasuna ematen ziona bidaiariaren ergonomiari. Modelo horrek balioespen handia jaso zuen merkatuan, diseinuagatik ez ezik, baita sendotasunagatik eta fidagarritasunagatik ere.

Urte hartan, beste modelo bat merkaturatu zuen Sunsundeguik: Sunsundegui Sideral modeloa. Ibilgailu horretan lerro zabal kurbatuko diseinua, ekipamendu handia eta sendotasuna nabarmentzen ziren. Jarraibideak ezarri zituen autokarren etorkizuneko diseinuari zegokionez. Ibilgailu hark ere arrakasta handia izan zuen merkatuan, eta Sunsundeguik karrozari on gisa lortua zuen ospea sendotzen lagundu zuen. Horrez gainera, Sideral 2000 izeneko ibilgailuranzko bilakaeraren eredua izan zen.

Sideral modeloa jaurti eta lau urtera, Sunsundeguik berritu egin zuen, eta Sideral 2000 izena jarri zion. Markari ohorea eginez, modelo horretan ere bere lerroak eta ekipamenduaren aukerak nabarmentzen ziren. Aurrekoarekiko hobekuntza handia ekarri zuen alderdi guztietan. Bidaiarien eta gidariaren erosotasuna izan zen helburuetako bat. Modelo horretarako sortu zituzten, halaber, atzerako ispilu asimetrikoak, markaren bereizgarri direnak eta gaur egun oraindik SC7 modeloari ipintzen zaizkionak. Hala, Sunsundegui da bere ibilgailua bi fisionomiarekin eskaintzeko gai den karroza enpresa bakarra.

Urte horietan, Sunsundeguik modelo berriak sortzen jarraitu zuen, bidaiarien errepide bidezko garraioaren sektoreko behar guztiak asetzeko. Horrela jaio zen Astral, oso-osorik Sunsundeguik diseinatu eta fabrikatutako ibilgailu bat, desberdina, hiriarteko ibilgailu baten bertuteak zituena, funtzionala, modernoa eta errentagarria. 2004an, Astral modelo berri bat erantsi zioten flotari: Astral artikulatua, urte hartako Autobus eta Autokarren Nazioarteko Azokan aurkeztua. 18,75 metroko ibilgailua zen, karrozeria Volvo B12MA bastidore gainean jarrita zuena, abiadura aldagailu automatikoa zuena eta 340 CV-koa.

Bestalde, Sideral 2000 modeloa hainbat bertsiotara moldatuz joan zen, hala nola Sideral 330 izeneko modelo xumeago batera. Sunsundeguik linea erregularreko eta txango txikietako zerbitzura hobeto moldatuko zen ibilgailu bat sortzea erabaki zuen, eta hala jaio zen Sideral 3.30. Sideral 2000 baino baxuagoa bazen ere eta ekipamendu espartarragoa izan arren, zamategiak ia edukiera berbera zuen. Linea erregularrerako hobeto egokituta zegoen, alde batera utzi baitzituen xehetasun apaingarri edo ez oso funtzional batzuk.

2006. urtean, Sideral 2000 modeloa birdiseinatu zuten, eta aukera zabaldu zuten, Sunsundegui Sideral 10 merkaturatuta. 10 metro luze, 2,55 metro zabal eta 3,3 metro garai zeuzkan ibilgailu bat zen. Modelo horrek Volvo B7R bastidorearen gainean jarria zuen karrozeria, eta Sideral 2000 modeloaren ezaugarri nagusi berberak zituen, bai kanpoaldean, bai barnealdean, eta hura bezain fidagarria zen.

Sunsundeguik zur eta lur utzi zuen merkatua SC7 modelo berriarekin. SC7 modeloa Sunsundeguiren luxuzko autokarra da, bidaia luzeetarako diseinatua, bereziki zerbitzu erregularretarako eta zerbitzu pribatu edo berezietarako. Diseinu zaindua eta sendotasuna ditu ezaugarri. Gidariaren lana errazteko pentsatuta eta garatuta dago, baita bidaiariek eroso bidaia dezaten lortzeko eta garraio konpainientzat errentagarria izateko ere. Erreferentziazko autokar bilakatu da karrozarien sektorean. Volvo, MAN, Scania eta Mercedes Benz txasisekin fabrika daiteke, eta 12, 13, 14 edo 15 metroko luzera eta 3,7 metroko altuera izan ditzake.

Sunsundegui SC5 eta SB3 modeloak merkaturatzen hasi zen. SC5 modeloa Sunsundeguiren erabilera anitzeko autokar berria da. Ezaugarritzat ditu moldakortasuna eta multifuntzionalitatea, aldiriko zerbitzua, eskola garraioa edo enpresa garraioa eskaintzeko sortua baitago, baina baita distantzia luzeak egiteko ere. SC7 modeloa baino zertxobait baxuagoa da, baina horrek 9 cm bakarrik txikitzen du zamategiaren altuera, eta, hortaz, horren edukiera ia berbera da. SC7 modeloaren antzeko diseinua du, Sunsundegui ibilgailu guztien diseinu orokorra.

SB3 modeloa, aldiz, hiri barruko eta hiriarteko zerbitzuetarako diseinatuta dago, distantzia labur eta ertaineko ibilbideak egiteko, bidaiariak eserita eta zutik doazelarik. Barnealdearen modularitatea eta moldakortasuna ditu ezaugarritzat. Hainbat bertsio ditu, hala nola pisu altua maleta-apalarekin edo gabe, artikulatua edo zurruna, gidariaren postuaren itxiturarekin edo gabe edo Low Entry bertsioa. Modelo honek ere markaren gainerakoen ezaugarri berberak ditu diseinuari dagokionez, atzeko ate bereizgarria edo aurrealdean muntatzen diren altzairu herdoilgaitzezko zerrendak, besteak beste.